Egilea: editorea

  • MONDRAGONeko industri kooperatibek lanpostu, irabazi eta I+G alorrean inbertsio gehiago lortu dute 2014an

    MONDRAGONeko industri kooperatibek lanpostu, irabazi eta I+G alorrean inbertsio gehiago lortu dute 2014an

    MONDRAGON korporazioak lanpostu kopurua mantentzea lortu zuen 2014an. Guztira, 74.117 pertsonek egiten dute lan taldeko kooperatibetan (urtebete lehenago baino %0,1 gehiago). Zehazki, industri kooperatibak dira nagusi; oro har, 2013an baino 957 lanpostu gehiagorekin amaitu zuten iaz (657 barne merkatuan eta 300 atzerrian).

    Oro har, Mondragon korporazioa osatzen duten enpresek eta kooperatibek 10.985 milioi eurotara iritsi ziren salmentan (aurreko urtean baino %1,4 baino gutxiago). Inbertsio zifra aipagarria da, iaz 345 milioi eurotik gorakoa izan baitzen.

    Mondragoneko industri kooperatibek 31.736 langilerekin lan egin zuten, eta 2014an, guztira, 4.754 milioiko fakturazio izan dute eta 191 miloi euroko emaitza (aurreko urtean baino %80 gehiago). Gainera, iaz 247 milioi euro inbertitu zituzten industri kooperatibetan. Nazioartean hedatzearen aldeko apustua dela eta, kanpoko merkatuko salmenta industri esparruko %71koa izatera heldu da. Zentzu horretan, iaz Txinan, Indian, Estatu Batuetan, Mexikon eta Brasilen ezarri ziren; beraz, badira ekoizpenerako 125 eskumendeko enpresa atzerrian (duela urtebete baino hiru gehiago). Gainera, industri esparruan merkatu nazionalaren susperraldia egiaztatu dute, azken urteotan lehen aldiz salmentek gora egin baitute aurreko urtearekin konparatuz (%1,7) 1.400 milioi eurotara iristeraino.

    Berrikuntzaren aldeko Mondragonen apustua ezagutzaren eremuan egiazta daiteke, aurten, 145 milioi euro inbertitu baitira I+G alorrean. Balio erantsia %8,93an handitu dute eta guztizko salmentak %3,07an. Esparru horretan 15 entitate daude eta 1.700 langile. Horrez gain, produktu eta zerbitzu berrien salmentak 620 milioi eurora iritsi ziren, salmenta zifra osoaren %13. Datu esanguratsua da Mondragonek indarrean dauzkan patente familien kopurua. Guztira, 479 familia dira; hau da, Euskal Autonomia Erkidego osoko %25. Korporazioak Europako 30 I+G lankidetza programatan baino gehiagotan dihardu. Gainera, MANU-KET Espainiako Fabrikazio Aurreratuko Plataforma Teknologikoa gidatzen du, eta fabrikazio aurreratua eta etorkizuneko teknologiak integratzen ditu: material aurreratuak, bioteknologia, fotonika, mikro-elektronika eta nanoteknologiak.

    Iturria: TULANKIDE

     

  • Lantegi Batuakek “Corta con tu discapacidad” / “Eten zure urritasuna” kanpaina abiarazi du

    Lantegi Batuakek “Corta con tu discapacidad” / “Eten zure urritasuna” kanpaina abiarazi du

    Lantegi Batuak irabazi-asmorik gabeko erakundea da eta desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako lan aukerak sustatzen dihardu, Bizkaian. Erakundeak “Corta con tu discapacidad” / “Eten zure urritasuna” kanpaina aurkeztu du, desgaitasuna duten pertsonei lan merkatura sartzeko bidea errazteko eta euren garapen profesionala ere bermatzeko.

    2015-2017ko plan estrategikoaren barruan, Lantegi Batuak erakundearen helburuak hauexek dira: lan aukera berriak sortu, lehiakortasuna hobetu eta desgaitasuna dutenen gizarte zein lan garapenaren aldeko apustua egin. Lan aukerei dagokienez, Lantegi Batuakek aurreikusten duenez, datozen hiru urteetan 130 lanpostu berri sortuko dituzte eta, orain arte bezala, Bizkaiko hainbat zentrotan eskaintzen duten zerbitzu okupazionalean parte hartzeko itxarote-zerrendarik ez da egotea bermatuko dute.

    “Corta con tu discapacidad” / “Eten zure urritasuna” kanpainak urrira arte iraungo du, Lantegi Batuak erakundeko Lan Orientabide Zerbitzuak koordinatuta (94-4535999 / info@lantegi.com / www.lantegi.com).

    Iturria: Lantegi Batuak

     

  • CIRIEC-Espainiako ekonomia aldizkarian gizarte-ekonomiak alor sozial eta ekonomikoan izan duen inpaktuari buruzko monografikoa  argitaratu dute

    CIRIEC-Espainiako ekonomia aldizkarian gizarte-ekonomiak alor sozial eta ekonomikoan izan duen inpaktuari buruzko monografikoa argitaratu dute

    Zenbakia Carmen Marcuello irakasleak (Zaragozako unibertsitatea) koordinatu du, eta bertan gizarte-ekonomiarekin lotura duten gai ezberdinetako hamar artikulu topa daitezke. Horiek ikerkuntzan jorratzen diren gaien aniztasunaren lagina dira, ‘inpaktuaren’ azterketarekin eta neurketarekin lotura dutenak.

    Hala, zenbaki horretan zazpi artikulu hauek aurki daitezke:

    • ‘Toward a New Metrics for the Evaluation of the Social Added Value of Social Enterprises’, Andrea Bassik eta Giorgia Vincentik idatzia.

    • ‘Monetarizing the social value: theory and evidence’, José-Luis Retolazak, Leire San-Josek eta Maite Ruiz-Roqueñik idatzia.

    • ‘Impacto económico y en el empleo de la Economía Social en España. Un análisis multisectorial’, Patricia D. Fuentes Saguarrek eta Alfredo J. Mainar Causapék idatzia.

    • ‘Impacto territorial del autoempleo en la economía social en España’, María del Carmen Pérez Gonzálezek eta Lidia Valiente Palmak idatzia.

    • ‘El empleo de las cooperativas. Un análisis comparativo de sus fases cíclicas y de su grado de sincronización’, Mercè Sala Ríosek, Teresa Torres Solék eta Mariona Farré Perdiguerrek idatzia.

    • ‘La revelación social a partir de la guía GRI de la economía social: una herramienta para mejorar las relaciones socio-cooperativa’, Francisca Castilla-Polok, Dolores Gallardo-Vázquezek eta Mª Isabel Sánchez-Hernándezek idatzia.

    • ‘Globalización del proceso productivo establecido y su impacto socioeconómico. El caso de Orkli S. Coop. en China’, Paula Arzadunek idatzia.

    • ‘Size and profitability in co-operative banking: a picture from inside a Portuguese institution’, Sérgio Lagoa eta Licínio Prata Pinak idatzia.

    • ‘Los determinantes de la compra de productos con etiquetas de contenido social y ambiental’, Isabel Carrerok, Carmen Valorek eta Raquel Redondok idatzia.

    • ‘¿Para qué sirve un banco de alimentos? Relaciones con sus entidades beneficiarias en una región del Norte de España’, Jorge Coquek, Pilar L. González Torrek eta Marta García Rodríguezek idatzia.

    Iturria: CIRIEC Espainia

     

  • Rosa María Lavín, KONFEKOOPeko presidente berria

    Rosa María Lavín, KONFEKOOPeko presidente berria

    Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko kontseilu errektoreak (KONFEKOOP) Rosa María Lavín presidente izendatu berri du.

    Javier Goienetxea ordezkatu du, 2011tik kargu hori zuena eta Mondragoneko Batzorde Iraunkorreko presidente izendatu berri dutena. Horretaz gain, gaur egun, Euskadiko Lan Elkarteen, Irakaskuntza eta Kreditu Kooperatiben Federazioko (ERKIDE) presidentea da.

    Rosa María Lavín Ekomonia eta Enpresaritza Zientzietan lizentziatu zen Sarrikoko UPV-EHUan. Bertan, gizarte-ekonomiako graduondoa egin zuen. Berriki, Deusto Business School-eko Finantza Zuzendaritzako Programa Exekutiboko ikastaroa egin zuen.

    1997an ERAGINKOR kooperatiban sartu zen eta 1998an Servicios Sociales Integrados kooperatibako administrazio sailean hasi zen lanean. Gaur egun, SSI taldeko ekonomia eta finantza zuzendaria da (Aurrerantz kooperatiba, Euskarri kooperatiba, Home Care Lab kooperatiba eta Aurrerantz Elkarrin Elkartea). SSI taldeko gizarte kontseiluko kide izan zen eta, egun, SSI taldeko eta Home Care Lab-eko presidenteordea da.

    2013.urtetik ERKIDE eta KONFEKOOPeko kontseilu errektoreko kide da. ERKIDEko ordezkari gisa, Hazibide (Araba) eta Seed Capital (Bizkaia) eta ELKARLAN kooperatibetako arrisku-kapitaleko sozietateen administrazio kontseiluetako partaide da.

    Iturria: Erkide

     

  • “gou! by Eroski”, proposamen berria gertuko turismora begira

    “gou! by Eroski”, proposamen berria gertuko turismora begira

    Joan den uztailaren 2an aurkeztutako egitasmoa, BASQUETOUR agentziak, EROSKIk eta GUREAK taldeak sustatua, euskal turismo sektorea dinamizatzea du helburu, Euskadin bertan edota hurbileko autonomia-erkidegoetan bizi direnei zuzenduriko proposamenekin. Barne-turismoa nabarmena da euskal turismoan, guztizkoaren %15a baita.

    “Gou by Eroski” proposamenak eskaintzen duen planen katalogoak 600 esperientzia inguru ditu, eta egunero gehitzen zaizkio egitasmo berriak. Katalogo osoa goueroski.es webgunean dago ikusgai.

    Mikel Goienetxek, Eroski Bidaiakeko zuzendariak, azpimarratu zuenez, “Eroskik tokikoarekin duen konpromisoa nekazaritzako elikagaiekiko babesetik haratago doa, eta beste egitasmo batzuetan ere zehazten da, besteak beste: bertako turismoaren erakargarritasuna, parajeen aberastasuna, kultura bera eta gastronomia. Babes hori gure ekonomia dinamizatzea lortuko duten egitasmoen bidez lortu nahi da”.

    Iñaki Alkortak, Gureak taldeko zuzendariak, “gou! by Eroski” proposamenaren aurkezpenean aipatu zuen “proiektua gizarte-arduratsua” zela. Batetik, “Gureak taldeari ateak irekitzen dizkio desgaitasuna duten pertsonei lana eskaini ahal izateko; webgunea, bezeroen arretan, erreserbetan… sei lanpostu iraunkor beharko dituzte. Bestetik, Euskadirekin konprometitutako proiektua da ostatuan, gastronomian eta aisian dabilen sektore turistikoa babeste baitu. Hori guztia Eroskiko banaketa eta salmenta sareak ahalbidetzen duelako izan da posible”.

    Iturria: Tulankide

     

  • CIRIEC-eko gizarte ekonomiari buruzko 5. Nazioarteko kongresua egin dute

    CIRIEC-eko gizarte ekonomiari buruzko 5. Nazioarteko kongresua egin dute

    Uztailaren 15 eta 18 bitartean gizarte ekonomiari buruzko 5. Nazioarteko kongresua egin zuten Lisboan (Portugalen), gizarte-ekonomia mundu globalizatuan duen lekuari buruzkoa.

    Ekimena CIRIEC-eko sekzio portugaldarrak antolatu du, eta ikertzaileei, saileko profesionalei eta administrazio publikoko ordezkariei zuzendua egon zen. Berriki egindako gizarte-ekonomia eta alor honen metodologien inguruko ikerketei buruz eztabaidatzea izan da kongresua egitearen helburua.

    Kongresua zazpi ardatzen inguruan antolatu zen:

    1 ardatza: Joera eta kontzeptu berriak

    2 ardatza: Gizarte-ekonomia eta gizartea

    3 ardatza: Gizarte-ekonomiako esperientzia zaharrak eta berriak eta erronkak

    4 ardatza: Gizarte-ekonomia eta Estatua

    5 ardatza: Talde Berezia: gizarte-ekonomia mundu globalizatuan

    6 ardatza: Ikertzaile gazteei zuzenduriko tailerrak, publikazioak aldizkaritan,…

    7 ardatza: Komunikazio espezifiko onenei saria

    Nabarmentzekoa da aurkeztutako komunikazio gehienak ikertzaile espainiarrak egin dituztela, eta Euskadiko ordezkari asko bertaratu zirela. UPV/EHUko GEZKI institutuko Enekoitz Etxezarreta, Anjel Errasti eta Sofia Aranak euren lanak aurkeztu zituzten. Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokitik (OVES/GEEB) Ignacio Bretosek parte hartu zuen. HEGOA institutuko Unai Villaba eta Juan Carlos Pérez de Mendigurenek ere euren lanak aurkeztu zituzten.

    Horretaz gain, beste ikertzaile euskaldun batzuek ere bere lanak aurkezteko aukera izan zuten: UPV/EHUko Imanol Basterretxea, Mondragon Unibertsitateko Saioa Arando eta Izaskun Alzola edota Deustuko Unibertsitateko Antonia Caro-González.

    Iturria: OVES/GEEB

     

  • Iraun Permakultura, REAS-Euskadiko entitate-bazkide berria

    Iraun Permakultura, REAS-Euskadiko entitate-bazkide berria

    Iraun Permakultura entitatea REAS Euskadira, Euskadiko Ekonomia Alternatiboaren eta Solidarioaren sarera, gehitu berri da.

    Iraun Permakultura, nagusiki, Euskal Autonomia Erkidegoan du jarduera-eremua, eta aholkularitza eta formakuntza alorrak jorratzen ditu:

    – Jasangarritasuna

    – Ingurumena

    – Permakultura

    Beraien hitzetan, Iraun Permakulturaren misioa “burujabetasuna lortzeko ekintza hezigarriak garatzea” da, horrela, “ikuspegi zabala izateko aukera izango dugu gizarteak dituen erronkei aurre egiteko”.

    Iturria: REAS Euskadi

     

  • PSA Peugeot Citroën enpresaren ‘best plant’ saria jaso Fagor Ederlanek, 2015eko industria-bikaintasunagatik

    PSA Peugeot Citroën enpresaren ‘best plant’ saria jaso Fagor Ederlanek, 2015eko industria-bikaintasunagatik

    Sari hori urtera ematen zaio indutria-bikaintasunean nabarmentzen den hornitzaileari; baldintza zorrotzak bete behar dira kudeaketa parametro guztietan.

    Fagor Ederlanek Arrasaten duen balazta diskoen lantegiak aurreko eta atzeko balazta diskoak hornitzen dizkie, besteak beste: Citroën C4 Picasso, Peugeot Partner edota Citroën Berlingo ibilgailuei. Urtero, 600.000tik gora disko eta balazta danbor bidaltzen dituzte Fagor Ederlanen instalazioetatik Vigoko PSA Peugeot Citroën-en lantegira.

    Iturria: Tulankide

     

  • REJIESek Ekonomia sozial eta solidarioko ikertzaile gazteen II. Topagunea antolatu du

    REJIESek Ekonomia sozial eta solidarioko ikertzaile gazteen II. Topagunea antolatu du

    Gizarte Ekonomiako Ikertzaile Gazteen Sareak (REJIES) II. Topagunea ospatu zen, uztailaren 10 eta 11n, Madrileko Comillaseko Unibertsitate Pontifikalean (ICADE).

    Iaz, Ekonomia Sozial eta Solidarioko lehenengo kongresuaren harira, Zaragozan, azaroaren 27 eta 28an, egin zen I. Topagunearen arrakasta ikusita, uztailaren 15ean hasi zen CIRIEC erakundeko V. Nazioarteko kongresua aprobetxatu zen bigarren topagunea antolatzeko; hilabete bereko aurreko asteburuan, hain justu.

    Oraingo honetan, bi tailer egin ziren; bata, “Metodologías cualitativas: estudios de caso y Action Research” izenekoa eta bestea, “Metodología Cuantitativa: enfoque Partial Least Squares” deiturikoa. Gainera, hitzaldiak ere eskaini zuten ANECA akreditazio prozesua ezagutzeko eta ikerketa proiektu baten baremoaren alderdi nagusiak aztertzeko. Azkenik, ikerkuntza ildo eta proposamen saioak eskaini ziren; poster formatuarekin aurkeztu zuten, feedback-a eta harremana errazteko.

     

    Iturria: REJIES eta Gizarte Ekonomiako Espainiako Behatokia

     

  • Iritzia: Javier Pradini, Emaus Gizarte Fundazioa Taldeko zuzendari nagusia

    Iritzia: Javier Pradini, Emaus Gizarte Fundazioa Taldeko zuzendari nagusia

    Javier Pradini, Emaus Gizarte Fundazioa Taldeko zuzendari nagusia

    Emausek badu zentzua.

    Erronka berriak aldaketa egoera batean

     

    Duela 35 urte hasi zuen Emausek ibilbidea Gipuzkoan, eta, urteotan guztietan, gure inguruan gertatu diren aldaketa sozial askoren lekuko zuzenak izan gara. Era berean, guk ere aldaketa asko egin ditugu, bereziki, barne antolamenduaren aldetik.

    Egongo da pentsatzen duenik gaur egun egiten dugun lanak ez duela zerikusirik hasieran egiten genuenarekin. Egoera aldakor batera eta ingurura egokitzeko lanak etengabeak izan dira; hori guztia, gainera, Emaús Mugimendua osatzen dituzten 340 taldeekin partekatzen ditugun helburu eta asmoak kontuan izanda.

    Bizi dugun egoerak, bai munduan bai bertan, egungo eredu sozio-ekonomikoari irtenbidea bilatzea oztopatzen du, baita inguruan inpaktu egokia lortzeko posibilitatea ere.

    Hainbat arrazoik baieztatzen dute aurretik aipatutakoa.

    Batetik, baliabide natural mugatuak dituen gizarte batean bizi gara. Horiek, gehiegi ustiatu, pribatizatu edota merkantilizatzen dira, eta produktuak suntsitzen direnean, erabilgarriak izateko programatua duten epe labur hori amaitzen zaielako, desparekotasuna eta pobrezia sortzen da.

    Bestalde, gaur egungo gizarte-politikan atzera jotzea eta ongizate-estatuaren ahultzea egiazta dezakegu. Egoera horren arrazoia, antza denez, krisi ekonomikoa da. Ustelkeri kasuak nonahi, hirigune berriak hutsik, iruzurgile fiskalen zerrenda bukaezina eta gutxi batzuen aberaste espekulatiboa ikusita, ulertezina da elikagai bankuak eta herri jantokiak martxan jarri behar izatea. Pobrezia energetikoa nabarmentzen dugu, baita hezkuntzan, osasungintzan eta gizarte zerbitzuetan egin diren murrizketa ekonomikoak nahiz bankuen erruz kaleratuak izan diren familien ugaritzea ere.

    Testuinguru horretan, badira mantentzen jakin ditugun hiru gauza: gizartean baztertuen dauden pertsonekin konpromisoa, ahalduntze eta gizarteratze alorretan edozein pertsonak hiritar bezala dituen eskubideez gozatzeko aukera bermatuz; probokazioa bera, beste batzuek hondakinak edota zakarra ikusten dute lekuetan baliabideak sortuz; eta gure ustez zalantzazkoa den eta zaharkituta dagoen politika eta gizarte eredua eraldatzearen aldeko lana.

    Gaur egun, hiru alor horiek lantzen ditugu, bizi dugun garai berri honetan hain garrantzitsua den gizarte-berrikuntza kontuan izanda. Une honetan, fundazio baten eta ekonomia sozial eta solidarioko hainbat enpresek osatzen dute gure erakundea; oro har, 200 pertsona inguruk lan egiten dute.

     

    Beste erronketako bat Emaúsen egiten duguna ezagutzera ematea eta gizarteko segmentu ezberdinak partaide egitea da. Unibertsitatea lehentasunezko ardatz estrategikoa da egiten ditugun sentsibilizazio eta hedapen egitasmoetan, eta Gipuzkoako kanpus unibertsitario guztietan lan egiten dugu. Etorkizuneko gizartea euren eskuetan dago; eta beraz, helburu nagusia da guretzat. Kulturaz lagunduta gerturatzen ari gara unibertsitatera, kultura balio eta lehentasun solidarioetan oinarritzen den bizi estilo gisa ulertzen dugulako.

    Horregatik, datozen hilabeteetan erronka nagusienetakoa Tabakalera kultur zentroan Emaúsek sortuko duen espazioaren garapena da. Bertan, lantzen ditugun ekimen guztiak islatu, eta, aldi berean, erakusleihoa eta harremanetan jartzeko gunea izatea nahi dugu. Horrela, gerturatzen den orok gure lanaren zentzua zein den ulertzeko aukera izango du, eta parte hartzeko edota bere kezkak, desirak eta ezagutza partekatzeko aukera ere edukiko du.

    Badakigu kultura bizirik dagoen zerbait dela, dinamikoa, konpromisoa erakusten duena, parte-hartzailea, jendartean zabaltzeko gai dena, gertukoa, eskuragarria, gizatasuna erakusten duena, eta, batez ere, guztien onerako dena.

    Gune horretan belaunaldien arteko hartu-emana sustatzea nahiko genuke, eskarmentuak, ezagutzak, bizipenak eta errealitatea ikuskatzen dugun lekua izatea, eta gure programetan parte hartzen duten baztertze egoeran daudenen ahalmena erakutsi ahal izatea. Horrela, anonimotasunetik ateratzeko asmoa dugu. Hondakinei ere garrantzia eman nahi diegu, eta batzuentzat hondar solidoa dena beste batzuentzat baliabide solidarioa dela erakutsi.

    Gune hori Emaús Eko Lab Center izendatu dugu: Emaús 3.0 izeneko aldi berri baten hasiera da.