Egilea: editorea

  • Carrefourri 36 hipermerkatu salduta, Eroskik desinbertsioen aroa itxi du

    Carrefourri 36 hipermerkatu salduta, Eroskik desinbertsioen aroa itxi du

    Multinazional frantziarrak emandako 205 milioi euroak zorra arintzeko baliatuko ditu kooperatibak. Supermerkatuetan eta Euskal Herrian, Katalunian, Balearretan eta Galizian zentratuko du negozioa.

    Argaltze dieta amaitutzat jo du Eroskik. Bankuekin zuen zorra finantzatzeko, desinbertsio sorta bat hitzartu zuen Elorrioko kooperatibak duela urtebete, eta atzo iragarri zuen horietariko azkena: 36 hipermerkatu, 22 gasolindegi eta zortzi merkataritza galeria saldu dizkio Carrefourri.

    Operazio horren bidez, 205 milioi lortuko ditu, baina gutxi iraungo dute bere kutxetan, bankuekin 299 milioi euroren zor zati bat kitatzeko erabili beharko baititu. Iaz Dia lehiakideari Madrilgo 144 supermerkatu saldu zizkion 135 milioiren truke. Aurtengo otsailean, berriz, beste 161 milioi patrikaratu zituen Eroskik, Euskal Herriko 11 supermerkaturen jabetza —baina ez negozioa— AEBetako Invesco funtsaren esku utzita.

    Iazko urtarrilean bere 22 banku hartzekodunekin sinatutako itunaren arabera, aurtengo urtarrilaren 31ra arteko epea zuen Eroskik desinbertsioen bidez 300 milioi jasotzeko. Epea hilabetez atzeratu zuten, operazioa txukun itxi ahal izateko.

    Negozioaren %10 galdu du
    Atzo iragarritako operazioaren xehetasunek erakusten dute Eroskiren ildo berria: indartsu den guneetan kontzentratu nahi du bere negozioaren zatirik handiena —Euskal Herria, Katalunia, Balearrak eta Galizia—, eta hipermerkatuei eman beharrean, saltoki txikiagoei eman nahi die lehentasuna.

    Euskal Herritik kanpo daude saldutako hipermerkatuak, horietako asko Katalunian (Sant Cugat, Cornella, Amposta, Terrassa…), eta Andaluzian (Algeciras, Antequera, Fuengirola), baina baita gure mugetatik gertu ere, hala nola Jakan (Huesca), Logroñon (Errioxa) eta Santanderren (Kantabria). Hipermerkatu horiek guztiek irekita jarraituko dute, eta oraingo langileekin, Carrefourrek orain arte Eroskirentzat lanean ari ziren langileak subrogatu baititu. Euskal Herritik kanpo batez ere kontratatutako langileekin aritu izan da Eroski, kooperatibismoa nahiko erroturik ez zegoela argudiatuta. Beste saltoki bat, Xativakoa (Valentzia), ez da salmenta operazioan sartu, eta hilabete gutxi barru itxiko du.

    Saldutako hipermerkatuek Eroskiren negozioaren %8,5 zekarten, eta %10,2ra iristen da saltokietako gasolindegiak eta galeriak batuz gero. Edonola ere, Eroskik espero du negozio hori aurki berreskuratu ahal izango duela, supermerkatu frankiziatuak zabaltzen jarraitu nahi duelako, eta Zurekin denda eredu berriarekin salmentak %7 handitzea lortzen ari delako. Datu berrituen arabera, Eroskik 53 hipermerkatu, 1.288 supermerkatu (467 frankiziatu) eta hemeretzi cash&carry ditu. Horiei dozenaka gasolindegi, Forum Sport kirol dendak eta If lurrindendak batu behar zaizkio. Azken horientzat plan bat lantzen ari da.

    Neurria txikitu arren, salmentak epe erdira konpainiaren errentagarritasuna hobetuko duela nabarmendu du Rosa Carabel Eroskiko sare komertzialeko buruak, etekin txikiko dendak kendu baititu gainetik. Carabelek amaitutzat jo du desinbertsioen garaia. «Aurrerantzean, geure supermerkatu propioen eta denda frankiziatuen hedapen erritmoa berreskuratuko dugu», azaldu du.

    Elorrioko kooperatibak zor jasanezin baten gainean eraiki zuen bere hedapen handinahia. Duela urtebete, 2.605 milioi euroren zorra lau ataletan banatzeko berregituraketa plan bat hitzartu zuen bankuekin. Lehenik, zor nagusia dago, 791 milioikoa, eta 2019rako ordainduko du, bere negozio arruntaren irabaziekin. Bigarrenik, desinbertsioei lotutako zorra zegoen, 300 milioi, eta hori da orain kitatuko duena. Epe luzeko zorra ere badago, 948 milioirena, eta bere emaitza operatiboekin ordainduko du. Azkenik, higiezinen zorra da, 105 milioi, eraikitako merkataritza zentroak saldu ahala pagatuko du. Horrez gain, ekarpenen erosleekin zuen zorra ere bideratzen hasi da.

    Iturria: Berria

  • GEZKI-ren presentzia Berrekin.Berregin Ekintzailetasun Soziala programan

    GEZKI-ren presentzia Berrekin.Berregin Ekintzailetasun Soziala programan

    Martxoaren 14an Enekoitz Etxezarreta GEZKIko kideak formazio tailerra eman zuen “Berrekin.Berregin” ekintzailetasun soziala bultzatzeko antolaturiko programan.

    “Berrekin.Berregin” Debagoienean ekintzailetasun sozial eta komunitarioa sustatzeko programa da. Bergarako Udalak eta Mondragon Unibertsitateko Lanki Ikertegiak antolaturiko egitasmoa da,Olatukoop eta Bagararen kolaborazioarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin sortua izan dena.

    GEZKIko kideak Quebec herrialdeko gizarte berrikuntzaren sistema eta Italiako gizarte kooperatiben eredua azaldu ostean, nazioarteko bi adibide horietatik eratortzen diren irakaspen eta galderen inguruan jardun zuen. Gizarte Ekonomiako erakundeek gizarte ongizateari lotutako zerbitzuetan dituzten garapen aukerek eta horiek sortzen dituzten mota ezberdinetako eztabaidak mahai gaineratu ziren bertan.    

    Informazio gehiago: http://berrekinberregin.com/

    Iturria: GEZKI

  • Oinarri EBB 20 bazkide babesle izatera iritsi da NER Group akzionista bilakatzearekin batera

    Oinarri EBB 20 bazkide babesle izatera iritsi da NER Group akzionista bilakatzearekin batera

    Elkarrekiko berme-baltzuak 3.500 bazkide parte-hartzaile baino gehiago ditu, eta ia %60 gizarte-ekonomiaren arlokoa da.

    Oinarri EBB 20 bazkide babesle izatera iritsi da NER Group sozietatean sartzearekin batera. Azken horrek finantzaketa eskaintzen die enpresa txiki eta ertainei, autonomoei, kooperatibei, lan-sozietateei eta gizarte-ekonomiako beste enpresei. Oinarri sozietateko administrazio-kontseiluak berriki sinatu du NER Group enpresa-elkartea euskal berme-baltzuko bazkide babesle bilakatzeko hitzarmena.

    Koldo Saratxaga bultzatzaile duen eta sektore ekonomiko desberdinetako 22 euskal enpresa biltzen dituen NER Group Oinarrin sartzearekin batera, 20 bazkide babesle izatera iritsi da sozietatea. Gainera, ia 3.600 bazkide parte-hartzaile ditu berme-baltzuak, eta horien %60k gizarte-ekonomiarekin lotura du. Egun, Oinarri EBBk euskal gizarte-ekonomiako kolektibo ordezkariak ditu bazkide babesle. Horrez gain, akziodunen artean daude hiru foru aldundiak, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Santander bankua, baita hainbat euskal, kataluniar eta aragoar enpresa-talde ere. "NER Group bazkide babesle garrantzitsua da, barne dituen erakundeek euskal ekonomiari egiten dioten ekarpena dela eta", jakinarazi du Laura Matak, Oinarri EBBko Negozio Garapenerako zuzendariak. Hark azpimarratu duenez, elkarlan hitzarmen berriarekin, Oinarrik "biderkatu egingo du Kutxa NERek babesten dituen proiektuetara bideratzen diren finantza-baliabideen eragina".

    NER Groupek sortutako barne-finantzabidea da Kutxa NER. Enpresa bazkideen urteroko ekarpenekin sortutako laguntza-programa da, eta taldeko erakundeen hedapen beharrak bultzatzea du xede, baita zailtasun momentuetan babesa eskaintzea ere. NER Groupek euskal enpresa txiki eta ertainei eskaini nahi dituen laguntza gizartean ikusarazten lagunduko du Oinarri EBBrekin hitzartutako kolaborazioak. Halaber, Matak aditzera eman duenez, Oinarriren jarduera abal-emailea garatzen lagunduko du enpresen finantzaketan erreferentziazkoa den bazkide babeslea edukitzeak. Oinarri elkarrekiko berme-baltzua autonomoen eta enpresa txiki nahiz ertainen finantzazioan espezializatua dago, baita gizarte-ekonomiako enpresen babesean ere (kooperatibak, lan-sozietateak, eta abar).

    Guztira, 3.500 enpresa bazkide baino gehiago dituen elkarte hau Estatuko elkarrekiko berme-baltzuen artean seigarren postuan dago emandako abal kopuruari dagokionez. Bestalde, NER Group enpresa-elkarteak 1.900 langile inguru ditu eta sektore ekonomiko ezberdinetako 22 euskal enpresak osatzen dute.

     

    Iturria: 20minutos

  • Itsas Alpeetan igogailuetan liderra den enpresa erosi du ORONAk

    Itsas Alpeetan igogailuetan liderra den enpresa erosi du ORONAk

    ORONAk Sealift Cote d’Azur erosi du: Itsas Alpeen departamenduan igogailuen merkatuan lider lokala den enpresa.

    Erosketa hori ORONAren estrategia komertzial baten parte da: alde batetik, Zerbitzuaren negozio-bolumena handitu nahi du, mantentze kontratuak, konponketak, modernizazioak eta sustituzioak. Eta, bestetik, ORONA Frantziako hego-ekialdera zabaldu, herrialde osoan estaldura emateko.
    Sealift Cote d’Azur erosita, handitu egingo da ORONAk Frantziako hego-ekialdean duen merkataritza-sarea, berak kudeatuko baititu igogailuen mantentze-lanak egiteko Frantziako enpresak zituen 2.000 kontratuak.

    Sealift Cote d’Azur enpresak St. Laurent du Var-en du egoitza, eta ORONAk Frantziako egitura komertzialean sartzen duen bederatzigarren enpresa da. Hori horrela, Frantzian, mantentze-lanak egiteko 24.000 kontratu baino gehiago kudeatuko ditu, eta 95 milioi euro baino gehiagoko negozio-zifra izango du.

    Javier Mutuberria ORONAko zuzendari nagusiaren hitzetan: “Sealift Cote d’Azur erostea giltzarria da ORONA Frantzian garatzeko eta finkatzeko, eta, aldi berean, nazioartean hazteko dugun estrategia indartzen du”.

    Iturria: Orona

  • Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa Masterra

    Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa Masterra

    Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa Masterra

    Azken hiru ikasturtetan, 2013-2014tik gaur egun arte, EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Donostiako atala) Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa master ofiziala indarrean dago. Arlo horretako eragileen eskariari erantzun nahian GEZKI unibertsitate institutoak masterraren antolakuntzaren ardura hartu zuen eta horretan ondoko erakunde eta sailen laguntza jaso izan du eta jasotzen du gaur egun ere: Hegoa unibertsitate institutoa, Lan Harremanen eta Gizarte Lanaren Fakultatea, Ekonomia eta Enpresa Fakultatea eta Ekonomia Aplikatua I zein Enpresaren Zuzenbidearen sailak. Halaberean, sektoreko entitate eta erakunde hauek masterraren lankide gisa dihardute: ASLE, KONFEKOOP, Hirekin, EHLABE, REAS Euskadi eta Gizatea. Erakunde laguntzaile gehigarriak dira Eusko Jaurlaritza, finantzazioa bideratuta, eta Euskal Herriko Unibertsitatea azpiegitura eta laguntza teknikoa eskaintzen duena.

    Masterraren helburu nagusia gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioaren eremuko unibertsitate adituak heztea da, zeintzuk lan jarduera edota ikerketarako bidea jorratuko duten. Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa masterraren heziketak arlo honetako oinarrizko gaitasunak eskuratzen laguntzen du eta lanerako eta akademi garapenerako nahitaezkoak diren lanabes teorikoak, enpirikoak eta metodologikoak bideratzen saiatzen da. Heziketa akademiko eta zientifiko honek gizarteak eskatzen dituen profesionalak, akademikoak eta eraldaketa sozial eta ekonomikorako eragileak plazaratzeko beharrari erantzun nahi dio, arreta berezia ipinita hauek erakunde eta entitateetan balore etiko eta solidarioetan oinarritutako esku hartzean.
    Masterra erdipresentziala da bere irakaskuntza egiturari dagokionez. Honela bada, gelako jarduerarekin batera ikasleak orduetan baliokidea den norbanako lana eta talde lana garatzen du gelaz kanpo. Hirurogei kreditu osatu behar ditu ikasleak eta horietatik 9 hitzarmena duten erakunde eta entitateetan egindako praktika lanak dira, 9 kreditu ikasturte amaieran ikasleak aurkeztu behar duen masterraren amaierako lana dira eta gainerako 42ak irakasgaietan banatzen dira, bertan parte hartze aktiboa eta lan pertsonal zein kolektibo kritikoa eta sortzailea lehenesten da.

    Lehen bi ikasturteetako emaitzak oso positiboak izan dira. Arrazoi ugari daude hau egiaztatzeko. Lehenik, emaitza akademiko arrakastatsuak izan ditugu, izan ere ehuneko laurogeita hamarrak baino gehiagok master amaierako lana aurkeztu du eta kalifikazio bikainak izan dituzte gehienek ere. Masterra inork utzi ez duenez eta gelditzen diren ikasle bakan batzuk master amaierako lana uda honetan aurkeztuko dutela kontuan hartuta emaitza positiboen tasa %100 da. Bestetik, masterraren ondoko laneko sarbide tasa oso garaia da -%90tik gora kokatzen da- eta gainera ikaslearen lan integrazioa gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioko erakunde zein entitateetan ematen da ia erabat. Azkenik, aparteko beste aipamen bat egin behar zaio masterraren inguruan sortzen ari den gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioaren aldeko giza sareari, sekulako ahalmena eta esangura izan dezakeena. Horren adibide bat, ikasle eta ikasle ohiez osatutako ALEA elkartearen sorrera da, honek dagoeneko ekimen interesgarri eta berritzaile ugari sortu ditu gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioarekin lotutako arlo desberdinetan.

    Bukatzeko masterrak epe labur eta ertainean dituen erronka nagusiei erreparatuz, gogoan izan behar dugu egoki jokatu beharrean gaudela unibertsitateko kalitate arauek eskatzen dituzten nahitaezko doikuntza administratiboen eta ikasketa kritikorako prozesuaren garapenaren arteko oreka mantentzeko ahaleginean. Oso gainean dugun erronka zuzena masterraren nazioarteratze prozesuarekin lotuta dago. Prozesu honek Europa zein Amerikako gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioaren arloan beharrezkoak diren nazioarteko sare akademikoak eraikitzen lagun dezake.

    Mikel Zurbano Irizar
    Masterreko Zuzendaria
    UPV/EHU-ko Ekonomia Aplikatuko Irakasle Titularra

  • ‘Berrekin, berregin’ Ekintzailetasun soziala sustatzeko programa

    ‘Berrekin, berregin’ Ekintzailetasun soziala sustatzeko programa

    ‘Berrekin, berregin’ Ekintzailetasun soziala sustatzeko programa Debagoiena osora zabaldu dute

    Esperientziak ezagutu eta justizia sozialean oinarrituriko ideiak praktikan jartzeko aukera eskaintzen du programak.

     Posible al da gizarte humanoago bat? Garapen ekonomikoa eta justizia soziala bateragarriak al dira? Ba al dugu aukerarik eskualde jasangarriagoa eraikitzeko?.

     Galdera iradokitzaile horien bidez hasi dute Berrekin.Berregin-eko arduradunek formazio saioetan izena emateko kanpaina. “Ekintzailetza sozial” hitzaren jatorriko esangura solidarioari heldu nahi diote, jendarte justuago bat sortzeko ekimen kolektibo eta komunitario gisa ulerturik. Bergarako Udala eta Mondragon Unibertsitateko Lanki Ikertegia dira sustatzaileak, Olatukoop eta Bagarak ere kolaboratzen dute bertan, eta Gipuzkoako Aldundiaren babesa du ekimenak.

     Iazko edizioak izandako harrera ona ikusita, aurten esperientzia errepikatzea erabaki dute. Areago, Debagoiena eskualde osora zabaldu dute programa.

     Saio presentzialak Bergarako Errekalde jauregian izango dira. Formazio teorikoa jasotzeaz gain, erreminta zehatzak aplikatu eta esperientziak ezagutuko dituzte bertan parte hartuko dutenek, eta ekonomia eraldatzailean oinarrituriko ideiak praktikan jarri ahal izango dituzte.

     Iazko edizioan sorturiko ekimenak martxan

    2015ean Bergaran saioak jaso zituzten lagunek hainbat proiektu eta ekimen diseinatu zituzten. Programaren sustatzaile eta kolaboratzaileek konpromisoa hartu zuten ekimen horiei jarraipena egin eta laguntzeko, eta azaldu dutenez aurten tutoretza lan horretan ere ariko dira.

    Jadanik zenbait proiektu martxan jartzeko urratsak ematen ari dira, kooperatiba edo elkarte itxura hartuta.

    Informazio gehiago: http://berrekinberregin.com/

     

    Iturria: Argia aldizkaria

  • ORONAk Europan duen presentzia handitu du, Norvegian Elevator As enpresa erosita

    ORONAk Europan duen presentzia handitu du, Norvegian Elevator As enpresa erosita

    ORONAren helburu estrategikoetako batekin bat eginda, hau da, dimentsio, dibertsifikazio eta nazioartekotzearekin bat eginda, ORONAk Norvegian dagoen Elevator AS enpresa erosi du; norvegiar etxeak urte askotan oso harreman ona izan du ORONArekin, bezero banatzailea izan den heinean.

    Elevator AS enpresak 30 enplegatu ditu, eta 2011. urtean 8 milioi eurora iritsi den salmenta zifra lortu du. Elevator ASen egoitza nagusia Hamarren dago eta, gainera, beste bi lantoki ere baditu, bat Oslon eta bestea Sandefjorden.

    Azken urteotan ORONAren eta horren produktuak banatu, instalatu eta kontserbatu dituen Elevator AS etxearen arteko lankidetza sendoak erraztu egin du bi enpresen arteko hurbilketa, eta balio handia du etorkizunean elkar ulertzeko eta harremanak jarraitzeko.
    Eragiketa hau, aurrekoekin batera, beste urrats bat da ORONAk Europako merkatuan duen kokapena finkatzeko, zeinean ORONAren marka eta produktua gero eta ezagunagoak eta errekonozituagoak diren.

    ORONAri buruz
    ORONA Belgika, Erresuma Batu, Espainia, Frantzia, Herbehere, Irlanda, Luxemburgo, Norvegia eta Portugaleko 30 enpresak baino gehiagok osatutako enpresa talde bat da.
    ORONAren jarduera mugikortasun soluzioak diseinatu, fabrikatu, merkaturatu, instalatu, mantendu eta modernizatzera zuzenduta dago, hala nola igogailuak, eskailera mekanikoak, arrapalak eta pasabideak. Guztia ala guztia zerbitzu integralaren ikuspegitik, eta jarduera segmentu guztiak barneratuz, etxebizitzatik merkataritzaren segmenturaino, esparru soziosanitariotik, ondare historikotik, karga handietatik eta abarretatik igarota.
    • ORONA hornitzailea da 99 herrialdetan.
    • Europako 10 igogailu berritik 1 ORONA da.
    • Munduan 180.000 igogailuk ORONA teknologia dute.
    • Lehenengoa da Europan igogailu osoak ekoizteko ahalmenari dagokionez.
    • Mundu mailan ekodiseinuaren ziurtagiria duen jasokuntzaren sektoreko lehenengo enpresa da, ISO 14006 arauaren arabera.
    •4.000 profesional baino gehiago.

     

    Iturria: Mondragon Corporation

  • Errigora: Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura

    Errigora: Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura

    Eskutik eskura bertako produktuak gure eguneroko kontsumo ohituretara ekartzeko proposamena da. Gure kontsumo eredua aldatzeko gonbitea. Kontsumitzaile arduratsuak herriz herri elkartzeko saiakera: gutako bakoitzari on egin dagion eta, denon artean, gure inguru hurbilari on egin diezaiogun.

    Zer da eskutik eskura?
    Nafarroa hegoaldeak berezko dituen produktuak gure eguneroko kontsumo ohituretara ekartzeko proposamena da. Eskaerak urtean behin eginez, eta urte guztirako beste eskatuz. Otsailean oliba olio birjina estra; maiatzean, berriz, kontserba loteak.

    Baina, era, berean, eskutik eskura kontsumitzaile arduratsuak herriz herri saretzeko saiakera ere bada. Auzolana bitartekari, talde handietan antolatuta, eskaera handiak bideratzeko modu bat. Orain arte, 50 bat herritan 3.000 etxe inguru saretu gara eta, iazkoan, 9.100 bidoi banatu genituen; 45.500 litro olio.

    Zertarako hau guztia?
    Kontsumitzaileok bat egin eta, auzolanean, bertako produktuak kontsumituta, gutako bakoitzari on egin dagigun eta, denon artean, gure inguru hurbilari on egin diezaiogun:

    Batetik, gutako bakoitzak kalitatezko produktua jasoko du, kasu honetan Nafarroa hegoaldeko oliba olio birjina estra. Euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Eskaerak banaka bideratuta, nekez eskura genezakeena.
    Bigarrenik, guztion artean, bertako ekoizpenari bultzadatxoa emango diogu, ingurumena zaintzen lagunduko dugu eta euskal lurraldeen arteko harremanak sustatzen ariko gara.

    Eta azkenik, euskarari ere on egingo diogu, ekoizleak euskarara oraindik gehiago erakarriz.

     

    iturria: Errigora www.errigora.eus

  • Laboral Kutxak %26 igo ditu mozkinak

    Laboral Kutxak %26 igo ditu mozkinak

    109,2 milioi euroko irabazia lortu du 2014an. Balantze «orekatua» eta likidezia maila «bikaina» duela esan du kreditu kooperatibak

    Hornidura handiak egiteko derrigortasunaren bukaerak on egin die Laboral Kutxaren kontuei. 2014. urtea aurreikuspenak finkatutako bidetik itxi du kreditu kooperatibak, irabazien %26,4ko igoerarekin. Guztira, 109,2 milioi euroren mozkinak izan ditu finantza erakundeak; gastuei eusteko ahaleginari esker ere izan da. Arduradunek diote «balantze orekatua» dela, likidezia maila «bikainarekin» eta kapitalizazio «handiarekin».

    Erakundeak jakinarazi duenez, bi ezaugarri nagusi izan ditu urteak. Alde batetik, interes tasak inoizko mailarik txikienean daude eta, horren ondorioz, erakarritako pasiboari dagozkion sarrerek eta kostuek behera egin dute. Bestetik, kreditu zorroa murriztu egin da, nahiz eta urteko bigarren zatian ugaritu.

    Bestalde, %8,59ko berankortasun tasa du, iaz baino 1,09 puntu txikiagoa. Datu esanguratsua da oso, sei urtean lehen aldiz egin duelako behera. Kaudimenari dagokionez, lehen mailako baliabide propioak arriskuaren arabera neurtutako aktiboekin alderatzen dituen Common Equity Tier (CET1) adierazlearen bidez neurtuta, % 13,56ko ratioarekin itxi du ekitaldia Laboral Kutxak, eta sektoreko onenetakoa da.

    Likideziaren atalean, joan den ekitaldiko posizio lasaia indartu du. Emandako kreditu guztien eta bezeroen gordailuen arteko ratioa % 96,42koa da. «Kontuan izan behar dugu txikizkako merkatuan diharduten sektoreko erakundeek % 126,9ko ratioa zutela batez beste iragan azaroan».

    Kredituak
    Bezeroei emandako kreditua, orotara, 14.143 milioi eurokoa izan zen 2014an, hornidurak aintzat hartu gabe. Kopuruak %5,65 egin du behera, baina jaitsiera hori sektorearen batez bestekoa baino txikiagoa izan dela gogoratu du erakundeak. Etxerako hipoteken saldoa, berriz, 10.258 milioi eurokoa da. % 3,9ko jaitsiera izan du, «sektoreak baino txikiagoa». Dena den, urteko bigarren erdialdeko hipoteka maileguen eboluzioak %25eko igoera izan du aurreko ekitaldikoarekin alderatuta. Kontsumo negozioari dagokionez, saldoek % 1,39ko jaitsiera izan dute, baina bigarren sei hilekoan, formalizazioak % 17 igo dira. Iaz, 20 milioi euroren laguntzak eman zituen Laboral Kutxak.

     

    Iturria: Berria

  • Gorabide, Lantegi Batuak eta BBK erakundeek 18 milioiko gizarte-balioa sortu zuten beren ekintzen bidez 2014 urtean

    Gorabide, Lantegi Batuak eta BBK erakundeek 18 milioiko gizarte-balioa sortu zuten beren ekintzen bidez 2014 urtean

    2007-2014 denboraldian, hiru erakundeen arteko lankidetzak eragindako gizarte-balioa 132,5 milioi eurokoa izan da, %12 Lantegi Batuak eta Gorabidek sortua.

    Aipatutako hiru erakundeek Bizkaian ekintza komunen bitartez sortzen duten gizarte-balioa aurkeztu dute Lantegi Batuak, Gorabide eta BBK-k, Deusto Business School-eko Jose Luis Retolaza ikertzaileak egin-dako azterketa batean oinarrituta.Azterketa horretan jasotzen denez, Gorabidek eta Lantegi Batuak-ek 151 milioi euroko gizarte-balio gordina sortu zuten 2014 urtean, horietatik 18 milioi (%12) BBK erakundearekin lankidetzan burututako gizarte ekintzen fruitu izanik.

    BBK, Lantegi Batuak eta Gorabideren arteko aliantzak 18 milioi euroko gizarte-balioa eragin zuen Bizkaian 2014 urtean.Hala erakusten du Jose Luis Retolaza Deusto Business School-eko ikertzaileak egindako azterketak, era-kundeen interes-taldeen arteko analisi kualitatiboak eta kuantitatiboak uztartzen dituen metodologia baten bitar-tez.Kantitate horrek Lantegi Batuak eta Gorabidek sortutako gizarte-balio gordin osoaren %12 osatzen du (151 milioi eurokoa izan zen aztertutako azken urtean) eta BBK-k jasotako kantitatea baino 19 aldiz handiagoa da.Azterketa-aldia 2007 urtera zabalduz gero, hiru erakundeen arteko lankidetzak eragindako gizarte-balioa 132,5 milioi eurokoa izatera heltzen da.

    Lantegi Batuak eta Gorabidek 2014 urtean sortutako gizarte-balio gordinaren 151 milioi euro horietatik, 76 milioi euro erakundeen jarduerak sortutako administrazioarekiko itzulerari dagozkio, diru-laguntza publiko kontzeptuetan jasotako 42 milioi euroekin alderatuta.2007-2014 denboraldia aztertuz gero, gizarte-balio gordina 1.107 milioi eu-rokoa izan zen, administrazioarekiko itzulera gordina 530 milioi eurokoa izanik.

    Moneta-kuantifikazioa
    Tradizioz, gizarte-balioaren analisia erakundeen balio ekonomikoa aztertzera mugatu da, balio ekonomikoa sor-tzen duten erakundetzat jotzen direlako eta, ondorioz, horien gizarte-funtzioa bigarren plano batean geratu de-lako.Zentzu horretan, Jose Luis Retolaza ekonomia eta enpresa zientzietako ikertzaileak garatutako metodologia aplikatuz, gizarte izaera duten ekintzen gizarte-balio integratuaren moneta-kuantifikazioa egiteko aukera eskain-tzen da, batez ere, hirugarren sektoreko erakundeei dagokienean.

    Erabilitako metodologiak uztartu egiten ditu, alde batetik, erakundeen interes-taldeek jasotako balioaren analisi kualitatiboa (jasotzen duten balioaren aldagaiak identifikatuta) eta, bestetik, inpaktu soziala duen balio ekonomi-koaren, itzulera sozio-ekonomikoaren eta gizarte-balio espezifikoaren analisi kuantitatiboa, sortutako balioa mo-netizatzea ahalbidetzen duten adierazle eta proxien bitartez (baliorako hurbilketak).

     

    Iturria: Lantegi Batuak