Kategoria: Berriak

  • Izaera eraldatzailea duen ekintzailetza agroekologiko kooperatiboko ikastaroa

    Izaera eraldatzailea duen ekintzailetza agroekologiko kooperatiboko ikastaroa

    Tokixanek ekintzailetza agroekologiko kooperatiboari buruzko prestakuntza‑ikastaroaren lehen edizioa abiaraziko du. Lehen sektorean ekoizpen‑proiektu berriak baldintza duinetan garatu nahi dituzten pertsonei bidea egiten laguntzea du helburu ekimenak. Ikastaroa 2026/2027 ikasturtean zehar eskainiko da. 

     Programaren diseinuan erreferentziazko eragileek parte hartu dute, hala nola Biolurrek, Ekintzakoop‑ek, Mondragon Unibertsitateko eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU‑UPV) langileek. Halaber, adituak eta proiektu agroekologiko eredugarriak arituko dira formatzaile lanetan. 

     Ikastaroa Gipuzkoako hainbat udalerritan garatuko da, prestakuntza‑fasearen arabera: 

    • Sarrera‑fasea (2026ko azaroa):
      Saioak Bergaran izango dira, arratsaldez. 
    • Ikastaro luzea – atal teorikoa (2027ko urtarriletik martxora):
      Oñatin emango da, goizez.
    • Ikastaro luzea – atal praktikoa (2027ko martxotik ekainera):
      Praktikak eskualdeko 2 edo 3 baserritan egingo dira goizez; ostiral goizetan, berriz, saio teorikoak Oñatin izango dira. 

    Prestakuntza arlo honetan espezializatu nahi duen edonorentzat irekia dago, eta bereziki etorkizunean proiektu agroekologiko bat martxan jarri nahi duten pertsonentzat. Ikastaroa 2026ko azarotik 2027ko ekainera bitartean garatuko da, guztira 390 orduko iraupenarekin, eduki teorikoak eta praktikoak uztartuz. 

    Izen‑emateko epea 2026ko apirilaren 15etik ekainaren 15era egongo da zabalik. Izena Tokixanen webguneko formazio atalean eman daiteke edo tokixan@tokixan.eus helbidera idatzita. 

    Ikastaroak gehienez 20 plaza izango ditu, eta bi tarifa eskaintzen ditu: 150 € ikastaro osoarentzat eta 50 € sarrera‑faserako. 

     

    Xehetasun gehiago: https://tokixan.eus/tokixan-egitasmoak-ekintzailetza-agroekologiko-kooperatiboa-sustatzeko-bere-lehen-ikastaroa-aurkezten-du-20260422/ 

     


  • Eko-berrikuntza: kooperatibeen ahalmenak eta mugak

    Eko-berrikuntza: kooperatibeen ahalmenak eta mugak

    Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle batzuk kooperatibek ingurumen-onurak dakartzan berrikuntza (eko-berrikuntza) sustatzeko dituzten potentzialtasunak eta mugak ikertzen ari dira. Euskadiren kasua aztertzen da, Eustaten berrikuntza-inkestatik abiatuta.

    Oraintsu, Journal of Cleaner Production aldizkariak haien azken lana argitaratu du, zerbitzuen sektorean zentratuta : “Beyond intentions and institutions: Could cooperatives foster eco-innovation in the service sector?”. Lan honek, Revista de Economia Mundialek argiratarutako industria-enpreseei buruzko artikuluaren ildoa jarraitzen du (“Eco-Innovation in Worker Cooperatives and Investor-Owned Industrial Firms: a Comparative Analysis”) .

    Erreferentziak eta estekak:

    Eco-Innovation in Worker Cooperatives and Investor-Owned Industrial Firms: a Comparative Analysis

    Imanol Basterretxea, Ana Fernández, Jorge Gutiérrez-Goiria eta Josu Santos Larrazabal.

    Revista de Economía Mundial (67), pp. 145-173 (2024)

    https://doi.org/10.33776/rem.vi67.8089

    Beyond intentions and institutions: Could cooperatives foster eco-innovation in the service sector?

    Josu Santos Larrazabal eta Jorge Gutiérrez-Goiria

    Journal of Cleaner Production 543 (2026) 1476021

    https://doi.org/10.1016/j.jclepro.2026.147601

  • Kooperatiben Eskubideko uda Eskola

    Kooperatiben Eskubideko uda Eskola

    Aurten Kooperatiben Legearen Udako Eskola Pulan (Kroazia) ospatuko da, abuztuaren 22tik 28ra. 

     

    Nazioarteko Kooperatiben Kudeaketa Zentroak eta Nazioarteko Kooperatiben Elkargoak antolatua, Nazioarteko Kooperatiben Elkartasuneko Kooperatiben Lege Batzordearen eta IUS Cooperativum-en lankidetzarekin. 

     

    Informazio gehiago hemen: https://www.smu.ca/iccm/programsandcourses/co-operative-law-summer-school.html

     

     

  • “Langileen parte-hartzea enpresan” jardunaldia

    “Langileen parte-hartzea enpresan” jardunaldia

    Langileen parte-hartzeak —arauetan aitortua egon arren— oraindik ere bere egikaritze eraginkorrerako oztopo esanguratsuak dituela dioen diagnostiko partekatuaren baitan, 2026ko apirilaren 13an egin zen “Langileen parte-hartzea enpresan” jardunaldia. 

    GEZKI–UPV/EHUk antolatuta, topaketak kontsulta informatibo hutsean oinarritutako eredutik benetako enpresa-demokraziara igarotzeko hainbat proposamen aztertu zituen. Ekitaldian bat egin zuten arduradun instituzionalek, aditu akademikoek, sindikatuek eta enpresa-erakundeek, helburu komun baten aldeko ikuspegi-aniztasuna nabarmenduz. 

    Inaugurazioan, Laneko sailburuorde Elena Pérez Barredok ohartarazi zuen informazio- eta kontsulta-betebeharren urraketei buruzko datuek agerian uzten dutela oraindik ere arrakala iraunkorra dagoela marko juridikoaren eta enpresa-praktikaren artean. Langileen ordezkaritzek duten benetako eragin-gaitasun mugatuaren aurrean, eztabaida eredu tradizionaletatik haragoko parte-hartzearen beharrean zentratu zen. 

    Nazioarteko Adituen Batzordearen Txostenetik abiatuta, Ekonomia Sozialetik harago parte-hartzea zabaltzeko legegintzako mugarri batzuk azpimarratu ziren. Proposamenen artean nabarmendu ziren honako hauek: langileen ordezkariak administrazio-organoetan sartzea, eta jabetzarako sarbidea gutxieneko legalen bidez sustatzea: %2ko kapitala 1.000 langile arteko enpresetan, eta %10ekoa kopuru hori gainditzen dutenetan. 

    Txostenean oinarritutako hainbat proposamenek langileen ahotsa indartzeko, jabetzarako sarbidea errazteko eta enpresa kapitalaren, lanaren eta komunitatearen arteko proiektu partekatu gisa ulertzeko apustua erakusten dute, haren tamaina edozein dela ere. 

    Lan Zuzenbidearen ikuspegitik, botere-harremanen berriro orekatzea landu zen. Bereziki garrantzitsua izan zen gaur egungo erabaki estrategikoei buruzko eztabaida, hala nola Adimen Artifizialeko sistemak txertatzeari eta jasangarritasun-politikei buruzkoa. 

    Punturik berritzaileenetako bat Rosa Mindeguia irakaslearen aurkezpena izan zen, osasunaren eta ongizatearen ikuspegitik parte-hartzeari buruzkoa. Bere ikerketek erakutsi dute autonomia handiko ereduek, ilean eta listuan biomarkatzaileak (kortisola eta alfa-amilasa) aztertuz, gatazkak murrizten eta konpromisoa handitzen dutela, nahiz eta neke emozional handiagoa ere sor dezaketen. Kooperatiben esparruan, dualtasun honek iradokitzen du langileak, paradoxikoki, “estresatuta baina pozago” egon daitezkeela. 

    Jardunaldiaren amaieran sektorearen sentiberatasun desberdinak agerian geratu ziren. Ikuspegi sindikala, ELA, LAB eta CCOOren eskutik ordezkatua, eszeptizismo kritikoaren eta zuhurtziaren artean kokatu zen, onura-logika aldatu gabe langile-mugimendua instrumentalizatuko duen “kooptazio” arriskuaren aurrean. Bestalde, enpresa-eremuak parte-hartzea eta jabetza lotzearen garrantzia azpimarratu zuen, bereziki belaunaldi-ordezkapeneko prozesuetan, proiektu partekatuak erakargarri egingo dituen aldaketa kultural baten alde eginez. 

    Hala ere, jardunaldiaren adostasuna erabatekoa izan zen puntu kritiko batean: enpresaren demokratizazioa ezinezkoa da informazio gardena eta osoa bermatzen ez bada.