Egilea: oves-geeb

  • Gizarte Ekonomiaren Munduko Foroaren (GSEF) 5. edizioa egin da

    Gizarte Ekonomiaren Munduko Foroaren (GSEF) 5. edizioa egin da

    Urriaren 21etik 23ra, Mexiko Hirian egin zen Latinoamerikan egiten den Ekonomia Sozialaren lehen Foro Globala. Ekonomia Sozial eta Solidarioaren mugimenduak sortutako sormen-energiak eta inpaktu sozial handiak erakutsi zituzten bertan, bereziki Mexikoko eta eskualdeko historia luzean eta kultura-aniztasun handian errotua.

    GSEFen 5. Foroan ideia berritzaileak eta proposamen praktikoak partekatu dira, eta, horrez gain, Ekonomia Sozial eta Solidarioak gizarte inklusibo eta jasangarriak garatzen eta herritarren ongizatea lortzen jokatzen duen papera azpimarratu da, maila globalean sortzen ari diren erronka politiko eta sozialei erantzuteko.

    Hauek izan dira GSEF 2020ren helburuak:

    • Ekonomia sozial eta solidarioan oinarritutako garapen ekonomiko iraunkorreko esperientziak trukatzea, batez ere ekimen kolektiboan eta komunitarioan.
    • Politika publikoen proiektuak edo ekimenak identifikatzea, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren bidez Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzearekin bat etorriz, eta bi landa-eremuetan eta hiri-eremuetan lan egitea, herri eta komunitate indigenetan arreta berezia jarriz.
    • Ekonomia Sozial eta Solidarioaren erronka adierazgarrienak identifikatzea eta tokiko irtenbideak eta horiek egoki gauzatzeko modu berritzaile eta eraginkorrak nola aurkitu eztabaidatzea.
    • Ekonomia sozial eta solidarioaren establezimenduak indartzea, kooperatiben sareen eta ekonomia sozial eta solidarioko beste eragile batzuen bidez.
    • Ekonomia sozial eta solidarioak lan duina sortzeko eta ekoizpen- eta kontsumo-kate jasangarriak eta bidezkoak sendotzeko eta trantsizio ekologikorako duen garrantzia azpimarratzea.
    • Gazteek, emakumeek, indigenek eta Lehen Nazioek foroaren alderdi guztietan parte hartzea bermatzea.

    Gai nagusia, “Garapen iraunkor, inklusibo eta ongizaterako ekonomia sozial eta solidarioa” izenekoa, GSEF-en funtsezko printzipioak biltzen ditu, ekonomia sozial eta solidarioaren garapenarekin konprometitutako tokiko gobernuen eta gizarte zibileko eragileen nazioarteko elkarte gisa. Gaur egun Latinoamerikan eta mundu osoan Ekonomia Sozial eta Solidarioa hainbat adierazpidetan onartzearen inguruan gertatzen ari diren eztabaidekin zuzeneko lotura duten lau ideia nagusiren inguruan egituratzen da, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren garapenean aurrera egiteko aukera erreala, bideragarria eta jasangarria baita, trantsizio ekologikoa beste modu batera lortzeko.

    GSEF2020 delakoak nazioarteko eztabaidaren muinera ekarri ditu Mexikoren eta Latinoamerikaren perspektibak, eta, aldi berean, hainbat ikuspuntu partekatu ditu maila globalean, Ekonomia Sozial eta Solidarioak gizarteen eraldaketan modu integratzaileago eta jasangarriagoan lagundu dezakeela, lurraldeen garapen ekonomiko eta sozialerako eta herritar guztien ongizaterako alternatiba erreal gisa.

    Iturria: REAS

     

  • UPV/EHU-ko “Ekonomia Sozial eta Solidarioko” Master ofizialari hasiera eman zaio

    UPV/EHU-ko “Ekonomia Sozial eta Solidarioko” Master ofizialari hasiera eman zaio

    Pasa den urriaren 2an, EHU-ko Ekonomia Sozial eta Solidarioko Masterraren irekiera-ekitaldia egin zen. Bertan, behin Masterreko batzorde akademikoak aurkezpen txiki bat eginik Jokin Díaz, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sozial Zuzendariak parte hartu zuen hasierako irekieran hitz batzuk egiten. Hitzaldi nagusia, aldiz, Luismi Uhartek eman zuen, EHUko irakasle eta ikertzaileak.

    Hitzaldiaren titulua “Ekonomia alderdi popularretik birpentsatzea. Ikaskuntza kolektiboak Latinoamerikatik”, izan zen, titulu bereko liburu kolektiboari erreferentzia eginez.

    Honela, oroar unibertsitate zein gizarteko esparru nagusienetan ekonomia ikuspegi indibidualista (eta kapitalista huts) batetik aurkezten den bitartean, ekonomia kolektiboki pentsatu eta eraikitzearen beharraz jardun zuen hasiera batean Uhartek.

    Jarraian, ekonomiaren eredu alternatibo bat eraiki nahi duten enpresak sakon aztertzeko aipaturiko liburuan funtsezkotzat jotzen dituzten 4 dimentsio azaldu zituen: kudeaketa-eredua, produkzio-erreprodukzio baldintzak eta loturak (bizitzaren jasangarritasuna), ingurunearekiko konpromisoa eta Estatuarekiko harreman-eredua.

    Dimentsio horietatik abiatuta, Latinoamerikako zenbait herrialdetako esperientzia zehatz azaldu zituen. Batetik, Venezuelako Caracas hirian kokaturik dagoen “El Panal” Komuna eta, bestetik, Kubako Habana hiriburuan aurkitzen den arropa garbitegi hiri-kooperatiba bat. Biak ala biak esperientziak oso iradokitzaileak, kontraesanak alde batera utzi gabe, bizigarriak kontrakorrontean ibiltzeko eta emantzipazio-haziak ereiteko.

    Iturria: GEEB

  • Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren Batzar Nagusia

    Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren Batzar Nagusia

    Pasa den asteazkenean, KONFEKOOPek bere Batza Nagusia egin zuen Gasteizen. Bertan, 2019ko jarduerari errepasoa egiteaz gain, bere berregituraketa azaldu zuten, euskal esparru ekonomikoan kooperatiben interesen defentsan duen papera nabarmenduz.

    2020ko Batzar Nagusia KONFEKOOP izendapenarekin antolatutako lehena izan zen, 2019an Erkide eta Euskadiko Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Federazioaren artean izandako fusioaren ondorioz sortua, eta lehen aldiz jarduera ekonomiko guztietako Kooperatibak erakunde berean batzen dituena. Ekitaldian, desberdintasunak ezabatu eta enpresa demokratikoagoak eta parte-hartzaileagoak eraikitzeko Euskal Eredu Kooperatiboak duen eginkizuna azpimarratu zen.

    Rosa Lavin KONFEKOOPeko Lehendakariak 2019an, eta bereziki COVID-19aren pandemiak kolpaturiko 2020. urtean euskal Kooperatibek izan duten papera nabarmendu nahi izan zuen. COVID-19aren pandemiak kooperatiba guztiak kolpatu ditu modu batera edo bestera. Gauzak horrela, testuinguru honetan Kooperatiben jarduerak eragindako inpaktu positiboak gora egiten jarraitzen du, eta aurreko krisialdietan bezala, Kooperatiben erresilienteagoak dira, egoera konplexuetatik ateratzeko gaitasun handia erakusten dutelarik.

    Rosa Lavinek azpimarratu Zuenez, “Enpresa Kooperatibak ezinbesteko eredua bihurtu da lanpostuak sortzeko, hazkunde jasangarria lortzeko eta enpresa-barruan gizarte-balioak sustatzeko”. Horregatik, KONFEKOOPek susperraldi ekonomiko eta sozialerako eragile nabarmen gisa, bere burua eskaintzen die beharrizana izan dezaketen erakunde ezberdinei.

    Bestalde, Agustin Mendiola, KONFEKOOPeko Zuzendariak, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren 2019ko balantzea azaldu zuen. 2019a Kooperatiben Lege berriaren onarpenarekin itxi zen, eta testuinguru honetan, KONFEKOOPek lege berri hori ezagutu eta erakundeen estatutu sozialak 2020ra eta 2021era begira egokitu ahal izateko formazio prozesu bat abiatu du.

    Aurreko sasoiaren balantzea eginez, oro har, 2019a positiboa izan da: 2018an baino 111 kooperatiba gehiago bildu dira Konfederaziora, urtea 1.233 kooperatibarekin bukatuz. Gainera, joan den sasoian, orotara kide diren kooperatibek 2.193 lanpostu berri sortu zituzten.

    Batzar Orokorra Agustin Mendiolak KONFEKOOPeko zuzendari gisa erretiroa hartu aurretik parte hartu duen azkena izan da. Horregatik, merezitako omenaldia egin zitzaion kooperatiben arloan egindako ibilbide luzeagatik.

    Omenaldiaren ondoren, Iñigo Urkullu lehendakaria izan zen Batzar Nagusiaren itxiera emateko arduraduna. Bere hitzetan, KONFEKOOPi erreferentzia zuzena eginez, “Hazkunde ekonomikoa eta hazkunde pertsonalak bat egin behar dute, beraz, bat gatoz hazkunde ekonomiko jasangarri eta kalitatekoan lan egiteko helburuarekin”.

    Gainera, ekitaldia bukatzerakoan, bertaratutakoek eta jardunaldia streaming bitartez jarraitu zutenek“Kooperatiba ereduaren abantailak gizarte eta enpresa ingurune berrian” ponentziaz gozatu ahal izan zuten, Luis Miguel Jurado, Lan Elkartuko Kooperatiben Espainiako Konfederazioko (COCETA) -ko Presidentearen eskutik.

    Bere hitzaldian, Juradok azpimarratu nahi izan zuen COVID-19aren birusaz gain, gure gizarteak beste birus batekin bizi behar duela, beldurrarekin hain zuzen ere, “eta horregatik, egoera horren aurrean, inoiz baino gehiago sendotu behar ditugu balio kooperatiboak, beldurra geldiarazteko eta paralisira ez iristeko”.

    Iturria: KONFEKOOP

  • Nazio Batuek gizarte ekonomiari ematen diote lehentasuna berreraikitze politiketan, GJHak lortzeko

    Nazio Batuek gizarte ekonomiari ematen diote lehentasuna berreraikitze politiketan, GJHak lortzeko

    Nazio Batuek Ekonomia Soziala berreraikuntza globaleko politiketan lehentasunezkotzat jo dute, 2030eko Agendaren Garapen Iraunkorreko Helburuak (GJH) lortu ahal izateko.

    Irailaren 29an egindako Estatuburuen Topaketan aurkeztu ziren ondorioetako bat da hau. Besteak beste, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak, 57 estatuetako buruzagiek, Munduko Bankuak eta Nazioarteko Moneta Funtsak hartu zuten parte.

    Topaketa horretan, “Garapenerako finantzaketari buruzko goi-mailako ekitaldia, COVID-19 aroan” izenekoa, “ekonomia soziala sostengatzen duten pertsonak ardatz dituzten enpresak indartzea” erabaki zen, “sistema iraunkorragoa eta integratzaileagoa lortzeko trantsizioa eta etorkizun erresilientea, giza eskubideak eta genero-berdintasuna zentroan” ziurtatzeko neurrien barruan.

    Gainera, NBEren dokumentuak zehazten duenez, “COVID-19 pandemiak eragindako lanpostuak aurrekaririk gabe suntsitzeko”, “eskala handiko ekintza eta finantza-laguntza handia eskatzen du”, “funts publikoak” behar dira “eskala handiko langabeziari eta osasun-sistemen gainkargari” aurre egiteko, oinarrizko diru-sarrera unibertsala ziurtatzeko, enplegua sortzeko, ekonomia informalari berariazko laguntza emateko eta gizarte ekonomia indartzeko.

    Iturria: CIRIEC

  • “Ekonomia Sozial eta Solidarioaren ekosistema” txostena argitaratua

    “Ekonomia Sozial eta Solidarioaren ekosistema” txostena argitaratua

    Urte bateko ikerketen ondoren, Carasso Fundazioak Espainiako ESS Ekosistemari buruzko txostena aurkeztu du.

    Txostena, osorik, hemen aurki daiteke (gazteleraz).

    2018an, Espainian lau urteko ibilbidea egin ondoren, Daniel eta Nina Carasso Fundazioak urte oso bat eman zuten emaitzak eta bost urteko estrategia berritu baten barruan aktiba zitzakeen gizarte-aldaketarako palankak ikertzen. Ikerketa esparrutzat hartu zen ekonomia sozial eta solidarioarena, iraunkortasun ekonomikoa indartzeko eta Fundazioak babesten zituen ekintza eta eraldaketa sozialeko hastapenak proiektatzeko bide gisa.

    Lan honetan, ikerketa horren ondorioak eta metodologiak biltzen dira, eta argi uzten da gizarte-ekimen bereziki indartsuak, baina oraindik ahulak ekonomikoki indartzeko moduak. Hirugarren sektoreko finantzatzaileen arteko lankidetza sektorialaren giltzarriak ere landu eta zehazten ditu, bai publikoak bai pribatuak, diru-laguntzen ereduan edo inpaktu sozialeko inbertsioaren ereduan oinarrituta.

    Iturria: REAS, Fundación Daniel y Nina Carasso

  • Beterri Saretuz programaren hirugarren saioa egin da

    Beterri Saretuz programaren hirugarren saioa egin da

    Parte-hartzean oinarrituriko enpresen ekosistema bat sortzeko Beterri Saretuz programak lan-tresna bat sortu du, lantokietan, erakundeetan eta hezkuntza zentroetan baliagarri suerta litekeena. Joan den ostegunean, urriaren 8an, aurkeztu zuten gida Hernanin. Aurretik lan zailena egina zegoen, beste jardunaldietan hainbat esperientzia ezagutu eta parte-hartzea sustatzeko gakoak identifikatu baitituzte.

    Beterri Saretuz programak Beterri eskualdeko enpresa eta eragileen artean ekosistema aitzindari bat sortu nahi du parte-hartzea oinarri duena. 2019an eman zituzten lehen pausoak eta Gipuzkoako Aldundiaren eta Beterri Buruntza Udalen laguntza ere badu.

    Programa honek badu berezitasun bat: parte-hartzea tokiko garapenaren baitan kokatzen duela, enpresen lurraldearekiko inplikazioa bilatuz, “gertakari sozial eta territorial” bat diren heinean. Horrez gain, langileen parte-hartzea ere badu helburu, hala nola kapitalean, emaitzetan, kudeaketan eta erabaki estrategikoetan; baina ez askotan eman izan ohi zaion izaera edo paradigma integratzailez, baizik eta kritikoaz: “Kapitalaren eta lanaren arteko harreman asimetrikoak irauli eta langileen erabakimena, enpresaren arlo guztietara zabaltzeko”, dio sarrerako testuak.

    Hain zuzen, parte-hartzea ikuspegi horretatik hartzea ekonomia eraldatzailearen funtsetako bat da, hori gabe nekez lor bailiteke barne demokraziarik enpresetan.

    Hernanin aurkezturiko gidan sei gako identifikatu dituzte enpresa eta eragileekin egindako tailerretan: formazioa; ekonomia eraldatzailea eta elkartasun balioen sustapena; ahalduntzea, alderdi ekonomikoa, fiskala eta finantzarioa; pertsona erdigunean jartzea; eta egindako lanaren aitortza eta emaitzak ospatzea.

    Gako bakoitza lantzeko neurri indibidual eta kolektiboak zehazten ditu gidak. Adibidez, ahalduntzearen arloan hausnarketarako gune kolektiboak sortzea proposatzen da, ezagutzen trukaketa, konfiantza elikatzea… Horretarako baliabideak, esperientziak, sustatzaileak eta iturrien erreferentziak kontsultatu daitezke gainera.

    Iturria: Argia

  • Euskal Monetak 38.674 eusko banatu dizkie elkarteei

    Euskal Monetak 38.674 eusko banatu dizkie elkarteei

    Urriaren 10ean ospatu dute Eusko Elkarteen Eguna Donapaleun. Karia horretara, 38.500 eusko baino gehiago banatu dizkiete 55 elkarte ezberdinei.

    “Euskoaren %3ko dohaintza tokiko monetaren kide diren elkarte guztiek jaso dezakete, baldintza bakarra, elkarte honen babestea hautatzen duten gutxienez 30 eusko kide ukaitea da. Orduan, Euskoak elkarteari jarraitzaile guztiek urte osoan euskoz egindako erosketa guztien %3ko dohaintza egiten dio”. Horrela funtzionatzen du Ipar Euskal Herrian garaturiko tokiko monetak. Hori horrela, 55 elkartek dute 30 eusko kide baino gehiagoren sostengua. Aurten, Eusko Elkarteen Eguna kari 38.674 eusko banatu zaizkie.

    Ondoko hiruak dira eusko gehien jasotzen dutenak: Les Amis d’Otsokop supermerkatu parte hartzaile eta kooperatiboa –2.259 eusko–, Baionako Ikastolen Lagunak deitu Baionako bi ikastolen elkartea –2.901 eusko–, eta, azkenik, Bizi!, larrialdi ekologikoa eta jendarte justiziaren alde lan egiten duen mugimendu altermundialistak –3.411 eusko–.

    Euskal Herriko elkarte bizitzaren sostengatzea Eusko proiektuaren muinean dela dio moneta kudeatzen duen Euskal Moneta elkarteko zuzendari orokorra den Dante Edme-Sanjurjok: “Kirola, kultura, euskara, elkartasuna, ingurumena, eta beste: elkarteek gure lurraldea animatzen eta garatzen dute, engaiamendua bultzatzen dute, jendeen arteko loturak azkartzen dituzte, eta horretarako Euskoa elkarteekiko sostengu tresna gisa sortu dugu”. Hori konkretuki elkarteei laguntza bideratuz gauzatzen dela gehitzen du Edme-Sanjurjok. Hain zuzen, 2013az geroztik, 130.000 eusko baino gehiago banatu ditu elkarteak Euskal Herriko elkarteei.

    Iturria: Argia

  • EHUko Ekonomia Sozial eta Solidarioko Masterreko irekiera ekitaldia

    EHUko Ekonomia Sozial eta Solidarioko Masterreko irekiera ekitaldia

    Hurrengo urriaren 2an, EHU-ko Ekonomia Sozial eta Solidarioko Masterraren irekiera-ekitaldia egingo da. Bertan, Jokin Díaz, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sozial eta Solidarioko zuzendaria, eta Luismi Uharte, EHUko irakaslea eta ikertzailea izango dira.

    Hasierako hitzaldia, “Ekonomia alderdi popularretik birpentsatzea. Ikaskuntza kolektiboak Latinoamerikatik”, Luismi Uharte irakaslearen eskutik etorriko da. Titulu bera duen liburu kolektiboan, ekonomiaren eredu alternatibo bat eraiki nahi duten enpresak sakon aztertzeko funtsezkotzat jotzen dituzten 4 dimentsio proposatzen dituzte. Hauek dira neurriak: kudeaketa-eredua, produkzio- eta ugalketa-baldintzak (bizitzaren jasangarritasuna), ingurunearekiko konpromisoa eta Estatuarekiko harreman-eredua.

    Dimentsio horietatik abiatuta, Latinoamerikako zenbait herrialdetako esperientzia zehatzetara hurbildu dira. Jardunaldian hizpide izango dituen esperientziak oso iradokitzaileak dira emaitzen eta ahalmenen aldetik, kontraesanak alde batera utzi gabe, baina oso bizigarriak kontrakorrontean ibiltzeko eta emantzipazio-haziak ereiteko.

    Ekitaldia 16:30ean izango da, Donostiako EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Covid-19a dela eta, izena ematea beharrezkoa izango da (gezki@ehu.eus).

    Iturria: Gezki

  • Enplegu eta Lan sailburuak gizarte ekonomiak eta ekintzailetzak krisitik ateratzeko duten balioa azpimarratu du

    Enplegu eta Lan sailburuak gizarte ekonomiak eta ekintzailetzak krisitik ateratzeko duten balioa azpimarratu du

    Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua, irailaren 23an bildu zen gizarte ekonomiako eta sektore ekintzaileko ordezkariekin, eta horien balioa egungo krisitik ateratzeko “funtsezkotzat” jo du.

    Bilera horietan mugimendu kooperatiboko ordezkariak izan dira, Konfekoopek ordezkatuta, ASLEren barruan dauden Euskadiko lan-sozietateekin eta Euskal Autonomoen Elkartearekin (Ava) batera. Sailaren aldetik, lehendakariordea buru duen ordezkaritzak Lan sailburuordea, Jon Azkue, Enpleguko sailburuordea, Elena Pérez Barredo, eta Gizarte Ekonomiako zuzendaria, Jokin Díaz, ere izan dira.

    Idoia Mendiak eta bere taldeak kooperatibismoan, lan-sozietateetan edo langile autonomoetan eragina duten neurriak aztertu dituzte. Neurri horiek egungo Eusko Jaurlaritzari forma eman dion akordioan agertzen dira, eta Jaurlaritzaren programan eta Gobernu Kontseiluan laster onartzeko lanean ari den legegintza-egutegian garatuko dira.

    Aurreko legealdian Lan Sailak hartutako neurriak ere berrikusi dira, datozen ekitaldietan erregelamendu bidez garatuko direnak. Azpimarratzekoa da Kooperatiben Legea erregelamendu bidez abiarazi zela, arau-esparru berri bat ahalbidetuko duena, kooperatiben sektore osoaren eta Eusko Legebiltzarraren babesa izan zuena, eta enpresa-iraunkortasunerako tresna eraginkorrak dituena.

    Lehendakariordeak Konfekoopeko ordezkariekin egindako bileran kooperatibismoaren balioak azpimarratu ditu, eredu sozioekonomiko arduratsua delako eta gizartearekin, enplegu duin eta kalitatezkoarekin konprometituta dagoelako, eta deslokalizazioaren aurrean lurraldean errotuta dagoelako. Eredu erabakigarria pandemiaren ondorioak gainditzeko, eta etorkizuneko eredua, Jaurlaritzak kooperatiba-mugimenduarekin eskuz esku bultzatzen jarraituko duena.

    Lan-sozietateak finkatzea eta partaidetza duten enpresak arautzea ASLEren ordezkaritzarekin aztertu dira.

    Lehendakariordeak solaskide guztiei adierazi die premiaz hartu behar direla enplegua berreskuratzea bultzatuko duten neurriak, bizi dugun larrialdi bereziko unea dela eta. Halaber, euskal enplegu eredua birbideratu behar dela esan du, pandemiaren ostean zain izango ditugun erronkei aurre egiteko.

    Iturria: Irekia

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko iraileko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko iraileko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.